vendredi 12 octobre 2007

Esfahan

Hiri hau zoragarria da. Teheran baino askoz lasaiagoa, eta baita politagoa ere, askoz politagoa. Gune zentrala Imamaren enparantza dute, Tianamen ostean munduko handiena. Barnean gune berdeak eta laku bat ditu, eta inguruan, teteriak (oraindik ere ramadana dela eta itxita), jatetxeak, bitxi-dendak, eta mezkita handi bat, oraindik barrutik ikusi ez dudana. Gaur hemen jaieguna izanik, kristoren giroa zegoen bart: bikoteak, familiak eta lagun koadrilak nonahi eserita edo paseatzen, edo futbolean, eta zenbait zaldi gurdietan bueltak ematen.
Enparantzaz gain, ibaia handia dauka Esfahanek, eta berau zeharkatzen duten zubi politak. Jakina, parkeak ere badaude. Horietako baten hasi dut gaur eguna, nire gida begiratzeko asmoz eseri naiz, baina berehala gazte bi hurbildu zaizkit, eta era guztietako galderak egin: gure herriko unibertsitateen inguruan, familiari buruz, soldatei buruz, soldaduzkari buruz... Itaunketa bukatu dutenean, nik zerbait jakin nahi nuen galdetu, eta eskeinitako denbora eskertu ostean, alde egin dute. Ni ere mugitu naiz, baina berehala beste bi gaztek agurtu egin didate, eta hurbildu naiz. Ingelera ikasteko bilduak ziren, liburuekin ari ziren, baina berehala mila gauzez hasi gara hizketan, hemengo egoera, erlijioa, musika, emakumeak... Denbora luzez egon gara bertan hizketan, eta batek alde egin behar izan duenean, bestearekin joan naiz. Ingeleraz gain frantsesa ere menperatzen zuen honek, beraz biontzako aberasgarriagoa zelakoan, frantsesez jarraitu dugu. Liburu azoka batera eraman nau hasieran, eta alfonbra denda batera gero. Dendaria espainolez mintzo zen eta te bat hartzera gonbidatu nau (ramadan izanda ere, musulmanak ez garenok edan dezakegu).
Atzoko postean nion Teheranen ez dudala ia halakorik aurkitu, baina Esfahanera heldu eta berehala, ia denbora guztian daukat norbaitekin hitzegiteko aukera. Esfahanerako bidaia ere ondo egon zen. Autobusez etorri nintzen, eta naiz eta ingelera gutxi jakin, gidaria eta bidaiarientzako asistentea oso jatorrak izan ziren nirekin. Hemen ere tea eskeini zidaten, eta bidai erdian gelditu ginenean beraiekin bazkaldu nuen, gonbidatuta jakina. Esan bezala, oso gutxi hitz egin genuen, hizkuntza arazoa zela eta, baina komunikazio basiko bat posible izan zen. Gidariak nolabait adierazi zidan estatu batuen erasoa egonez gero Iranek erantzungo zuela, eta barre egin zuen era zaratatsuan. Nik ez nuen horren barregarri aurkitu, baina zer egingo diogu...
Ba horixe, bidaia hau denborarekin hobera joaten ari dela. Eta hala jarrai dadila.

2 commentaires:

nahaskia a dit…
Ce commentaire a été supprimé par l'auteur.
nahaskia a dit…

hara! josua bidaiaria! googleearth-en ari naiz zure bidaia imaginatu nahian. jendea horren irekia izateak pozten nau, zure bidaiaren ispirituarekin bat dator. polita benetan. musu pilo.