mardi 23 octobre 2007

Teheran, eta buelta

Azken orduak pasatzen ari ditut hemen. Azkenak oraingoz, "mas pronto que tarde" bueltatzeko asmoa dut eta.
Atzo Esfahanetik Teheranera hartu nuen busa. Geltokitik hotelera taxista kamikaze baten eraman ninduen. Trafikoa beti da zoroa hiri honetan, pasatzen utzi beharrean guztiak saiatzen dira aurretik pasatzen, baina taxista zahar hau orain arte ikusi dudan zoroena zen. Bitan egon zen motorlariak botatzeko zorian (hauek ere badira ausartak, edozein zirrikitutik sartzen dira, sarri bizia arriskatzen).
Gero jatetxe batera joan nintzen, ondo afaldu (arroz berdea eta arraina) eta azken qalyan eta teak hartu nituen. Azkenak oraingoan eta hemen, gaur goizean bazarrean pipa dezente bat erosi baitut. Orain erretzeko materia lortzea falta zait, hori gabe izorratuta nago, jeje. Pipa saldu didanak ez zuen, baina edozein supermerkatutan lortu dezakedala esan dit. Bazkalostean saiatuko naiz.
Pipa Teherango bazarrean erosi dut. Laberinto erraldoia, 15 kilometro galeria omen dauka, gehienak estaliak, zatika zerupean. Hasieran banekien ze norabide neraman, baina laster galdu naiz, ez nekien iparrera edo hegora nindoan. Pipa aurkitzea zen nire helburua, baina beste edozer ikusten nuen: arropa, oihalak, espeziak, sukaldeko tresnak, janaria, kuberteriak... Azkenean etsita alde egin behar nuenean, irteeraren alboan aurkitu dut pipa.
Erosketa eguna izan da gaur. Musika apur bat nahi nuen, pare bat bideojolas hartu behar izan ditut (80 zentimo eta 2,40 euro arteko prezioan), goxokiak, eta farsi hizkuntza era basikoan ikasteko metodo pare bat.
Egin beharreko guztia egin dudala uste dut. Bidaiaren helburuak betetzat ematen ditut, eta larunbatera arte luzatu baninteke ere, gaur gauean hartuko dut hegaldia. Lanera bueltatu baino lehen astebete izango dut horrela, lasai egoteko eta zenbait gauza ordenean jartzeko. Musika berrartzeko irrikitan nago gainera. Eta zuek guztiak ikusteko gogoz.
Musuak!

dimanche 21 octobre 2007

Ikuspuntu berriak - jarraipena

Esan bezala, herenegun hemengo afganiar baten etxean izan nintzen. Etxeko buru bere anaia nagusia zen, eta haren sostengupean, hauen ama, bere emaztea eta hiru haurrak, arreba bat, senarra eta bi haur, eta nire laguna bizi ziren. Nire laguna ikaslea izanik (akademia pribatuan ikasle gainera), argi dago ezin direla familia aberatsa izan. Hala ere, herrialde honetan antza ohikoa denez, parabolikoa zeukaten, etxe barruan ezkutaturik. Horren bidez ehundaka kate ikus zitzaketen, TVE eta Real Madrid TV barne (futbola, hizkuntza unibertsala), baina baita Al Jazeera, BBC, CNN, telebista afganiarrak edo amerikako estatu batuetan ekoizten dituzten hainbat kate iraniar. Ikusi daitekeenez, menu zabala. Kate usa-iraniarrak, jakina, errejimen islamikoaren aurkako propagandaz beterik daude. Kate afganiarrak, nazioarteko komunitateak talibanak bota ostean ezarritako demokrazia eta askatasun berriaren ispilu izan nahi dute. Nire laguna harro dago bere herrian bizi duten egoera berriaz, baina ez dut bueltatu nahi, segurtasun eza dela eta. Ikusi nituen minutuetan, talibanen parodia bat egiten ari ziren. Ilea erakusten zuen abeslari pop bat ere ikusi ahal izan nuen. "Afganistango telebistek jendearen zoriona bilatzen dute, iraniar telebista ofizialek ez bezala", esan zidan lagunak. Ukaezina.
Errejimen islamikoak jendea triste egotea eragiten du. Azken urteotan irekiera bat dagoen arren, jai bat egitea debekatuta dago. Rock edo pop kontzertuak ere, debekatuta. Neskalaguna izatea, debekatuta. Mutila izanda mutil-laguna izatea... Horrelakorik ez dago, jeje.
Eta egia da gauza alaien errepresio horrek tristura sorrarazten duela. Jende triste asko ikusi dut aste bi hauetan. Kalean, parkeetan, teteriatan, bakarrik eta triste. Ostegun gauean honetaz hitzegiten zidan lagunak, dena den, ez zuen tristea ematen. Guztiz kontrakoa, ordubete egon baginen hizketan, denbora horretan rap bat abestu zuen eta George Bush parodiatu. Eta barre asko egin. Neskalaguna da eta lagunekin parrandak botatzen ditu, baita whisky apur bat edan ere (etxean izkutatuta, jakina). Baina benetan serio esaten zidan, "gobernu honek jendea tristetu egiten du".
Panorama horrekin, nola ez bilatu sateliteak eskaintzen duenaren xarma?

samedi 20 octobre 2007

Shiraz-en, ikuspuntu berriak

Shirazetik buelta batzuk eman ostean (parke izugarriak, kale zabal eta garbiak, denda mordoa eta teknologia aurreratua), eta Persepolis hiriko ruinak ikusi ostean, ostegun gauean nire hotelera atseden hartzera joateko prest nengoela, bertako ingelera ikasle batzuekin egin nuen topo. Oso jatorrak ziren, gustora ibili ginen hainbat gauzez hitz egiten, eta azkenean bik alde egin behar izan zuten eta bakar bat eta biok geratu ginen. Ostegun gaua izanda ez zegoen denbora arazorik (hurrengo goizean jai zuten guztiok), beraz hiritik paseoan eta teteria batean ibili ginen. Lehengo postean esan bezala, Shirazen ez dituzte teteriak itxi, eta berriz ere qolyan zoragarria erretzeko aukera izan nuen.
Lagun berria afganiarra da, haurra zela Iranera etorria. Aita sobietarren aurkako gudan galdu zuen, eta ordutik ama eta anaia nagusiak mantendu dute familia, Iranen, emigrante bezala.
Entzuna nuen iraniarrak arrazistak direla orokorrean, baina ezin nuen imaginatu horrenbesterako izan zitekeenik. Gazte taldeek parkean iraindu edo eraso ditzazkete, ogia erosteko ilaran haien aurretik pasatzeko bultzatzen dituzte, auzokideek ez dituzte agurtu nahi eta neskalaguna lortzeko arazo larriak dituzte. Eta oraindik grabeagoa dena, instituzioen aldetik ere bazterketa jasaten dute. Nire lagunak bost loba ditu, bi eta zazpi urteko haur zoragarriak, Iranen jaioak, eta ez dute hezkuntzarik jasotzen. Nire laguna bera ez dute unibertsitatean onartu, eta hezkuntza pribatua ordaindu behar du. Lana lortzeko ere iraniarrek baino zailago izango du.
Tamalgarria benetan. Ostegun gauaz gain, ostiral osoa igaro genuen elkarrekin, goizean parke batean (jendez gainezka, familiak piknik egiten, haurrak barraketan (noria, autotxokeak, e.a.), bikoteak lakuko ontzietan), eta arratsaldean bere etxera gonbidatu ninduen, han bere anaiarekin afaria izan genuen. Benetan jende jatorra, herrialde hau hobeto ezagutzeko aukera eman zidaten.
Jarraituko dut honetaz hitzegiten, liburutegi publikoan nago, ordubeteko konexioa ordaindu dut, eta beldur naiz bukatzean post hau bidali gabe geratuko ote naizen.

mardi 16 octobre 2007

Yazd eta Shiraz

Shiraz hirira heldu nintzen bart. Aurretik Yazd-en izan nintzen. Hiriaren parte berria ez zen politegia, baina alde zaharrak 1800 urte inguru ditu, buztin eta lastozko etxeak dira, eta ikusteko kuriosoa zen. Hiria ez da oso handia, eta horregatik ziurrenez ni bezalako nahiko giri ikusi ditut.
Afaria hotel baten terraza batean egin nuen, argiztaturiko mezkita batetik berrehun bat metrora. Benetan leku polita eta lasaia, eta afaria oso ona (gamelu gisatu bat, babarrun gorriekin, arrozaz lagunduta). Afaria bukatutakoan ur pipa erretzeko itxaron behar izan nuen, antza polizia sartuz gero eta pipa ikusia, hotela hilabeterako itxi ziezaieketen. Gauez beranduago antza ez ziren polizia etorri zitekeenaren beldur. Beraz orain arteko qolyan honena eskaini zidaten, menta zaporekoa, eztarria zabaltzen zuena. Primerakoa.
Atzo berriz ere autobus batean sartu eta Shirazera. Gidariaren laguntzailea oso jatorra zen, eta nahiz eta ingelera oso gutxi hitzegin, bidaia erdia berarekin egin nuen, erretzen eta tea edaten. Autobusean ezin zen erre, baina gidariak eta laguntzaileak erre zezaketen, eta beraz nik, gonbidatu bereziak, erre nezakeen ere.
Heldu nintzenerako afaldu eta lotara joan besterik ez nuen egin nahi. Baina pipa bat bilatzea halabeharrezko bilakatzen ari da, eta lonely planeten argibideak jarraituz, taska batean sartu nintzen. 'El Pavon del Qolyan' izendatu genezakeen. 15 bat mahai zahar, dekorazio bakarra argazki batzuk horman, eta 30 bat gazte (baita zahar pare bat ere) tea hartzen eta qolyan erretzen. Ez zuen ematen nire presentziak inor izorratzen zuenik, eta beti bezala ingelera apur bat hitzegiten zuena niregana hurbildu zen, konpainia egitera.
Berriz ere Irango kontradikzioak: Yazd-en hotel bat ixteko arrazoia zena, Esfahanen teteria guztiak ixteko arrazoia izan omen zena, hemen aske, eta Jomeini eta Jamenei-ren argazkien aurrean gainera.

lundi 15 octobre 2007

Esfahanen gauzak hobera joan ziren

Atzotik Yazd hirian nago, baina oraindik ere Esfahaneko esperientziez hitzegin nahi dut. Izan ere, herenegungo gaua benetan ondo egon zen. Nere arrebarekin telefonoz hitz egin ostean, ibaiara abiatu nintzen, paseo bat emateko eta zubi baten azpian omen zegoen te-etxe bat bilatzera. Esfahanek ibai zabala du, gauez argiztzatzen dituzte zubi ikaragarriez josia, eta bi ertzak parke berde politak dira. Jende asko ikusi daiteke bertan, picnica egiten, pilotekin jolasean, txirrindulaz edo patinatzen. Gainera larunbata jai eguna zen, Ramadanaren bukaera ospatzen zuten.
Hala, paseoa eman nuen, eta teteria omen zegoen lekura heldu nintzenean, ez nuen ezer aurkitu. Lekuarekin erratuta nengoelakoan, bi mutil gelditu eta galde egin nien. Ez zuten apenas ingeleraz hitz egiten, baina teteria itxita zegoela adierazi zidaten, eta beste baten bila laguntzea erabaki zuen. Haien kotxean sartu eta berehala, 'Asereje' abestia jarri zuten topera (gipsy kings ezagutzen ote nituen galdetu zidaten, eta dagoeneko bigarrenak dira galdera hori egiten). Hala, Imamaren enparantzara abiatu ginen, haiek iraultza aurretik zuen izenarekin izendatzen bazuten ere. Orain arte ezagutu ditudan guztiak bezala, hauek ere ez ziren gobernu islamikoaren oso lagun.
Enparantzako teteriak ere itxita zeuden. Arrazoiaz galdetu nien, eta batek bere buruaren gainean zirkulu bat marraztuz, ulemek itxi omen zituztela adierazi zidan. Arrazoiaz galdetu nien, eta teteriatan qolyan erretzen delako zela esan zidaten (ur-pipak dira, tabakorik ez, fruta zaporea izaten dute, benetan goxoa). Horrek harritu ninduen, Teherango azken gauean
qolyan erretzen aritu bainintzen teteria publiko batean (bertako askok erretzen zuten modu berean), eta gainera aurreko gauean gazte talde mordoa baitzegoen plazan beraien pipekin.
Lehenengo erretzen den materialari su ematen diote, soka bati lotuta, eta airean bueltak ematen hasten dira brasa bat bilakatu arte, ondoren pipa gainean jarri eta orduan erre daiteke. Aukera badut holako bat erosi nahi nuke.
Gaiari helduta, hizkuntza arazoa zela eta, ezin izan zidaten azaldu zergatik Teheranen teterietan qolyan zegoen, eta aldiz Esfahanen guztiak zeuden itxita. Hemengo debekuekin horixe gertatzen da, zaila izaten dela jakitea zerekin izan dezaketen arazoa. Kamiseta laburrak, adibidez, arazo bat omen dira, baina gazte gehienek janzten dituzte. Emakumeek beltzez jantzi behar dute, baina zenbaitek koloredun zapia jartzen dute. Zapiaren arrazoia sexiegia omen den ilea ezkutatzea da, baina gutxik estaltzen dute guztiz, eta batzuek oso modu polit eta modernoan orrazten dute.
Beno, ba teteriarik aurkitu ezean, izozki bat jatera gonbidatu ninduten (bururatu ere ez nik ordaintzea, Iraniarrak ordaintzeko orduan euskaldunak baino are burugogorragoak dira). Gero, hizkuntza arazoarekin nahikoa zelakoan, berriz kotxea hartu eta lagunetariko baten arreba hartzera joan ginen. Honek ingelera menperatzen zuen eta itzultzaile lanak egin zituen, nahiz eta gehienetan nire hitzak itzultzeari uko egin eta gu bion arteko elkarrizketa bilatu. Termo bete te hartu eta berriz ere ibai ertzeko parkera hurbildu ginen.
Gure kulturaz galde egin zidan, eta jarraian Irango egoeraz aritu ginen, erlijoaz, estatu batuekiko harremanaz, israel eta palestinaz, e.a. Hiru gazteak EEBBak miresten zituzten, eta hauen laguntza nahi zuten askatasuna lortzeko. Haien esanetan, gazteriaren gehiengoa zen uste berekoa, batzuk inbasio bat desiratzera heltzen direlarik.
Ordurako berandu egin zitzaien, hurrengo goizean lan egin edo unibertsitatera joan behar zutelako, eta hotelera eraman ninduten.
Benetan pozik eta gustora sentitzen nintzen. Senegalen izan ginenean, egun bakoitza aurrekoa baino hobea izan zela sentitzen genuen, eta laugarren edo bosgarren gauean, Cap-Skirin herria n eguna lagun talde batekin igaro ostean eta bertako dantza-jai batean parte hartu ostean, laurok (Patricia, Ander, Aitor eta ni) extasiatuta bezala sentitu ginen. Hala izan zen niretzat larunbat hau ere.
Atzo bidaia eguna izan zen, autobus nahiko kutre batean Esfahanetik Yazdera mugitu nintzen. Heldu nintzenean apagoia zegoen, eta taxistak esan nion hotela ulertu ez zuenez, edo ziurrenez europear batentzako are egokiagoa zen batera eraman nahi izan zidalako, erdi luxuzkoa zen (bueno, horrenbesterako ere ez) hotel batean egin dut lo. Esan bezala auzoa ilunpean zegoen eta ez nuen batere gogorik motxila handiarekin beste zerbait bilatzeko, beraz eskatzen zizkidaten 30 euroak onartu eta bertan geratu nintzen. Horren truke ohe eroso batean egin dut lo, dutxa garbi eta beroa hartu, eta arraultza frijituak gosaldu. Aurrekontua orekatzeko, sekula izan naizen hostel kutreenean hartu dut gaurko gela.
Eta orain Yazd hiria ikustera noa. 1800 urte inguru ditu alde zaharrak, laberintikoa omen da, eta erlijio zoroastriarra jarraitzen duen irango komunitaterik handiena bizi da bertan.
Musuak guztioi.

vendredi 12 octobre 2007

Esfahan

Hiri hau zoragarria da. Teheran baino askoz lasaiagoa, eta baita politagoa ere, askoz politagoa. Gune zentrala Imamaren enparantza dute, Tianamen ostean munduko handiena. Barnean gune berdeak eta laku bat ditu, eta inguruan, teteriak (oraindik ere ramadana dela eta itxita), jatetxeak, bitxi-dendak, eta mezkita handi bat, oraindik barrutik ikusi ez dudana. Gaur hemen jaieguna izanik, kristoren giroa zegoen bart: bikoteak, familiak eta lagun koadrilak nonahi eserita edo paseatzen, edo futbolean, eta zenbait zaldi gurdietan bueltak ematen.
Enparantzaz gain, ibaia handia dauka Esfahanek, eta berau zeharkatzen duten zubi politak. Jakina, parkeak ere badaude. Horietako baten hasi dut gaur eguna, nire gida begiratzeko asmoz eseri naiz, baina berehala gazte bi hurbildu zaizkit, eta era guztietako galderak egin: gure herriko unibertsitateen inguruan, familiari buruz, soldatei buruz, soldaduzkari buruz... Itaunketa bukatu dutenean, nik zerbait jakin nahi nuen galdetu, eta eskeinitako denbora eskertu ostean, alde egin dute. Ni ere mugitu naiz, baina berehala beste bi gaztek agurtu egin didate, eta hurbildu naiz. Ingelera ikasteko bilduak ziren, liburuekin ari ziren, baina berehala mila gauzez hasi gara hizketan, hemengo egoera, erlijioa, musika, emakumeak... Denbora luzez egon gara bertan hizketan, eta batek alde egin behar izan duenean, bestearekin joan naiz. Ingeleraz gain frantsesa ere menperatzen zuen honek, beraz biontzako aberasgarriagoa zelakoan, frantsesez jarraitu dugu. Liburu azoka batera eraman nau hasieran, eta alfonbra denda batera gero. Dendaria espainolez mintzo zen eta te bat hartzera gonbidatu nau (ramadan izanda ere, musulmanak ez garenok edan dezakegu).
Atzoko postean nion Teheranen ez dudala ia halakorik aurkitu, baina Esfahanera heldu eta berehala, ia denbora guztian daukat norbaitekin hitzegiteko aukera. Esfahanerako bidaia ere ondo egon zen. Autobusez etorri nintzen, eta naiz eta ingelera gutxi jakin, gidaria eta bidaiarientzako asistentea oso jatorrak izan ziren nirekin. Hemen ere tea eskeini zidaten, eta bidai erdian gelditu ginenean beraiekin bazkaldu nuen, gonbidatuta jakina. Esan bezala, oso gutxi hitz egin genuen, hizkuntza arazoa zela eta, baina komunikazio basiko bat posible izan zen. Gidariak nolabait adierazi zidan estatu batuen erasoa egonez gero Iranek erantzungo zuela, eta barre egin zuen era zaratatsuan. Nik ez nuen horren barregarri aurkitu, baina zer egingo diogu...
Ba horixe, bidaia hau denborarekin hobera joaten ari dela. Eta hala jarrai dadila.

jeudi 11 octobre 2007

Lehenengo inpresioak

Kaixo guztioi! Laugarren eguna dut gaur Iranen. Atzo arte ez nuen idazteko askorik, eta behingoz internet leku batean sartu nintzenean, hotmail zein bloga ez zebiltzan.
Gaur Esfahan hirira heldu naiz, Teheranen bi egun (astelehena ez dut kontatzen, heldu eta berehala hotelean sartu bainintzen) egin ostean. Teheran hiri moderno zaratatsua da. Errepideak zeharkatzea abentura bat izan da niretzat, kotxeen artean egin behar baita, baina azkar ohitu naiz. Jendez gainezka daude kaleak. Hitz gutxiko deskribapena egin behar badut, hiri honetako kaleek Hackney rd. ekarri didate gogora. Benetan hiri modernoa da, banketxeak eta antzekoak eraikin handi eta berriak dira. Bestela, dendak. Punta-puntako teknologia saltzen dute, europear tankerako arropak, cd eta dvdak, lurrinak... denetarik aurkitu daiteke bertan.
Bueno, denetarik ez. Oraidik ramadan bukatu ez dela heldu naiz, eta egunean zehar ezin izan dut teteria edo jatetxerik aurkitu. Beraz, taberna gabe, jatetxe gabe, paseoak ematea besterik ez zait geratu. Ordu luzez pateatu ditut Teherango kaleak. Ez da kirol batere osasuntsua izan, hiri honek sekulako kontaminazioa baitu. Maskarila aurpegian duten pertsonak ikusten dira. Baina arnasa hartu nahi izanez gero, kristoren parkeak dituzte Iraniarrek, inon ikusi ez ditudan modukoak. Handiak, berdeak, zainduak, landare zein txori barietate izugarriarekin.
Hori da gutxi gora behera hiri horretan aurkitu dudana. Bertakoekin harremanetan sartu, ezer gutxi. Jendeak arreta handiz erantzuten dizu ezer galdetuz gero, baina hortik harago ezer gutxi. Bart gauean teteria batean izan nintzen, ur pipa batean erretzen (ez du tabakoarekin zerikusirik, ke suabe eta goxoa da, aromatikoa), eta iraniar batekin egon nintzen, hori bai, profesionala, gidari profesionala. Jatorra zen, apur bat tristea, eta ez zidan dirurik eskatu, baina jakina, eman nion, bere lanbidea baita. Atzora arte iranen izan dudan lehenengo `laguna` izan da.
Hori guztia gaur hasi da aldatzen, bai bidaian eta are gehiago Esfahan hiri zoragarri honetara heldu naizenean. Baina beste une batean kontatuko dizuet hau, alde egin behar baitut.
Musuak guztioi.

samedi 6 octobre 2007

¿Por qué Irán?

Creo que la primera vez que sentí un interés especial en conocer Irán fue a cuenta de un comentario del profesor de la UPV Antton Mendizabal, que hablando de los paises islámicos en general, rechazó la visión occidental de que no tienen democracia. Según él, los mecanismos de participación del pueblo en algunos países donde predomina el islam son radicalmente diferentes a los occidentales, y en algunos aspectos como la participación superarían en mucho a la supuesta democracia occidental.
La segunda razón que me hizo poner Irán como destino preferente, fue la extrema hospitalidad y amabilidad que se les atribuye a sus gentes. Todo el que conoce el país es lo primero que nombra (por lo que he visto ultimamente, los que no lo conocen tienden a pensar más en barbudos cabreados que odian al extranjero).
De estos vagos reclamos he pasado en las últimas semanas, después de haber leído sobre el país, a interesarme sobre todo por las enormes contradicciones que vive una república islámica donde la mayoría de su población tiene menos de 25 años y desafía en su vida cotidiana la rigidez religiosa del estado que les gobierna.
Eso es por lo menos lo que espero encontrarme.

Iran - bidaiaren aurretik

Aupa guztiok! Bihar, 2007ko urriaren 8a, Teheranera joango naiz, diruak ematen badit hiru aste iraungo duen bidaia batean. Nire asmoa herria ezagutzea da, hitz egin nahi didan ororekin hitz egin, bertakoen ikuspuntuak entzun. Horretarako, eta abiapuntu bat izateko asmoarekin, azken asteotan bertako historia eta gizarte eta politika garaikidea aztertzen dituzten zenbait liburu eta web orri begiratu ditut.
Astirik eta gogorik izanez gero, bidaian zehar aurkitzen dudanari buruz idatziko dut blog honetan. Zuen parte-hartzea eskertuko nuke, nire kontakizunak eragin ditzakeen iritzi eta galderak erantzun nahi nituzke eta blog hau elkarrizketa bilakatu.