dimanche 21 octobre 2007

Ikuspuntu berriak - jarraipena

Esan bezala, herenegun hemengo afganiar baten etxean izan nintzen. Etxeko buru bere anaia nagusia zen, eta haren sostengupean, hauen ama, bere emaztea eta hiru haurrak, arreba bat, senarra eta bi haur, eta nire laguna bizi ziren. Nire laguna ikaslea izanik (akademia pribatuan ikasle gainera), argi dago ezin direla familia aberatsa izan. Hala ere, herrialde honetan antza ohikoa denez, parabolikoa zeukaten, etxe barruan ezkutaturik. Horren bidez ehundaka kate ikus zitzaketen, TVE eta Real Madrid TV barne (futbola, hizkuntza unibertsala), baina baita Al Jazeera, BBC, CNN, telebista afganiarrak edo amerikako estatu batuetan ekoizten dituzten hainbat kate iraniar. Ikusi daitekeenez, menu zabala. Kate usa-iraniarrak, jakina, errejimen islamikoaren aurkako propagandaz beterik daude. Kate afganiarrak, nazioarteko komunitateak talibanak bota ostean ezarritako demokrazia eta askatasun berriaren ispilu izan nahi dute. Nire laguna harro dago bere herrian bizi duten egoera berriaz, baina ez dut bueltatu nahi, segurtasun eza dela eta. Ikusi nituen minutuetan, talibanen parodia bat egiten ari ziren. Ilea erakusten zuen abeslari pop bat ere ikusi ahal izan nuen. "Afganistango telebistek jendearen zoriona bilatzen dute, iraniar telebista ofizialek ez bezala", esan zidan lagunak. Ukaezina.
Errejimen islamikoak jendea triste egotea eragiten du. Azken urteotan irekiera bat dagoen arren, jai bat egitea debekatuta dago. Rock edo pop kontzertuak ere, debekatuta. Neskalaguna izatea, debekatuta. Mutila izanda mutil-laguna izatea... Horrelakorik ez dago, jeje.
Eta egia da gauza alaien errepresio horrek tristura sorrarazten duela. Jende triste asko ikusi dut aste bi hauetan. Kalean, parkeetan, teteriatan, bakarrik eta triste. Ostegun gauean honetaz hitzegiten zidan lagunak, dena den, ez zuen tristea ematen. Guztiz kontrakoa, ordubete egon baginen hizketan, denbora horretan rap bat abestu zuen eta George Bush parodiatu. Eta barre asko egin. Neskalaguna da eta lagunekin parrandak botatzen ditu, baita whisky apur bat edan ere (etxean izkutatuta, jakina). Baina benetan serio esaten zidan, "gobernu honek jendea tristetu egiten du".
Panorama horrekin, nola ez bilatu sateliteak eskaintzen duenaren xarma?

2 commentaires:

gkaran a dit…

Iep
pasadan posta eta hau bera ikaragarriak iruditu zaizkit txo; Arrazakeriaren asuntoa eta gobernuaren "jendea tristetzeko estrategia" (errepresio estrategia akojonatia portzierto) halegia. Nola jasaten du zure lagunak egoera hori? eta nolatan aukeratzen du herrialde hori bere ahurrak hezitzeko? beharbada ez du aukera askorik izando edota ez du urrutira joateko gogorik izango baina latza izan behar du horrela bizi izan beharrak...
ondo segi

josu a dit…

Jasangaitza dena ezin da jasan. Nire lagunak Iranetik alde egin nahi du, baina Afaganistanera ez du bueltatu nahi, egoera tamalgarria delako bertan, oso arriskutsua. Europara etorri nahi luke. Eta lortuko duela espero dut.
Iran ez zuen berak aukeratu, zazpi urterekin ekarri zuten. Familiak sobietarren gudan etxea eta guzti-guztia galdu zuen, eta zituzten aukeren artean, Iran honena izango zen orduan. Tamalez arrazakeria eta bazterketa jasan behar izan dute hemen.
Dena den, nire lagunari ez zaio nabaritzen afganiarra denik, beraz eguneroko bizitzan ez du bazterketa kotidiano hori jasaten. Bai ordea auzoan, edo eskola eta unibertsitatera joateko eskubidea ukatu diotenean...