Shirazetik buelta batzuk eman ostean (parke izugarriak, kale zabal eta garbiak, denda mordoa eta teknologia aurreratua), eta Persepolis hiriko ruinak ikusi ostean, ostegun gauean nire hotelera atseden hartzera joateko prest nengoela, bertako ingelera ikasle batzuekin egin nuen topo. Oso jatorrak ziren, gustora ibili ginen hainbat gauzez hitz egiten, eta azkenean bik alde egin behar izan zuten eta bakar bat eta biok geratu ginen. Ostegun gaua izanda ez zegoen denbora arazorik (hurrengo goizean jai zuten guztiok), beraz hiritik paseoan eta teteria batean ibili ginen. Lehengo postean esan bezala, Shirazen ez dituzte teteriak itxi, eta berriz ere qolyan zoragarria erretzeko aukera izan nuen.
Lagun berria afganiarra da, haurra zela Iranera etorria. Aita sobietarren aurkako gudan galdu zuen, eta ordutik ama eta anaia nagusiak mantendu dute familia, Iranen, emigrante bezala.
Entzuna nuen iraniarrak arrazistak direla orokorrean, baina ezin nuen imaginatu horrenbesterako izan zitekeenik. Gazte taldeek parkean iraindu edo eraso ditzazkete, ogia erosteko ilaran haien aurretik pasatzeko bultzatzen dituzte, auzokideek ez dituzte agurtu nahi eta neskalaguna lortzeko arazo larriak dituzte. Eta oraindik grabeagoa dena, instituzioen aldetik ere bazterketa jasaten dute. Nire lagunak bost loba ditu, bi eta zazpi urteko haur zoragarriak, Iranen jaioak, eta ez dute hezkuntzarik jasotzen. Nire laguna bera ez dute unibertsitatean onartu, eta hezkuntza pribatua ordaindu behar du. Lana lortzeko ere iraniarrek baino zailago izango du.
Tamalgarria benetan. Ostegun gauaz gain, ostiral osoa igaro genuen elkarrekin, goizean parke batean (jendez gainezka, familiak piknik egiten, haurrak barraketan (noria, autotxokeak, e.a.), bikoteak lakuko ontzietan), eta arratsaldean bere etxera gonbidatu ninduen, han bere anaiarekin afaria izan genuen. Benetan jende jatorra, herrialde hau hobeto ezagutzeko aukera eman zidaten.
Jarraituko dut honetaz hitzegiten, liburutegi publikoan nago, ordubeteko konexioa ordaindu dut, eta beldur naiz bukatzean post hau bidali gabe geratuko ote naizen.
Inscription à :
Publier les commentaires (Atom)
Aucun commentaire:
Enregistrer un commentaire