lundi 15 octobre 2007

Esfahanen gauzak hobera joan ziren

Atzotik Yazd hirian nago, baina oraindik ere Esfahaneko esperientziez hitzegin nahi dut. Izan ere, herenegungo gaua benetan ondo egon zen. Nere arrebarekin telefonoz hitz egin ostean, ibaiara abiatu nintzen, paseo bat emateko eta zubi baten azpian omen zegoen te-etxe bat bilatzera. Esfahanek ibai zabala du, gauez argiztzatzen dituzte zubi ikaragarriez josia, eta bi ertzak parke berde politak dira. Jende asko ikusi daiteke bertan, picnica egiten, pilotekin jolasean, txirrindulaz edo patinatzen. Gainera larunbata jai eguna zen, Ramadanaren bukaera ospatzen zuten.
Hala, paseoa eman nuen, eta teteria omen zegoen lekura heldu nintzenean, ez nuen ezer aurkitu. Lekuarekin erratuta nengoelakoan, bi mutil gelditu eta galde egin nien. Ez zuten apenas ingeleraz hitz egiten, baina teteria itxita zegoela adierazi zidaten, eta beste baten bila laguntzea erabaki zuen. Haien kotxean sartu eta berehala, 'Asereje' abestia jarri zuten topera (gipsy kings ezagutzen ote nituen galdetu zidaten, eta dagoeneko bigarrenak dira galdera hori egiten). Hala, Imamaren enparantzara abiatu ginen, haiek iraultza aurretik zuen izenarekin izendatzen bazuten ere. Orain arte ezagutu ditudan guztiak bezala, hauek ere ez ziren gobernu islamikoaren oso lagun.
Enparantzako teteriak ere itxita zeuden. Arrazoiaz galdetu nien, eta batek bere buruaren gainean zirkulu bat marraztuz, ulemek itxi omen zituztela adierazi zidan. Arrazoiaz galdetu nien, eta teteriatan qolyan erretzen delako zela esan zidaten (ur-pipak dira, tabakorik ez, fruta zaporea izaten dute, benetan goxoa). Horrek harritu ninduen, Teherango azken gauean
qolyan erretzen aritu bainintzen teteria publiko batean (bertako askok erretzen zuten modu berean), eta gainera aurreko gauean gazte talde mordoa baitzegoen plazan beraien pipekin.
Lehenengo erretzen den materialari su ematen diote, soka bati lotuta, eta airean bueltak ematen hasten dira brasa bat bilakatu arte, ondoren pipa gainean jarri eta orduan erre daiteke. Aukera badut holako bat erosi nahi nuke.
Gaiari helduta, hizkuntza arazoa zela eta, ezin izan zidaten azaldu zergatik Teheranen teterietan qolyan zegoen, eta aldiz Esfahanen guztiak zeuden itxita. Hemengo debekuekin horixe gertatzen da, zaila izaten dela jakitea zerekin izan dezaketen arazoa. Kamiseta laburrak, adibidez, arazo bat omen dira, baina gazte gehienek janzten dituzte. Emakumeek beltzez jantzi behar dute, baina zenbaitek koloredun zapia jartzen dute. Zapiaren arrazoia sexiegia omen den ilea ezkutatzea da, baina gutxik estaltzen dute guztiz, eta batzuek oso modu polit eta modernoan orrazten dute.
Beno, ba teteriarik aurkitu ezean, izozki bat jatera gonbidatu ninduten (bururatu ere ez nik ordaintzea, Iraniarrak ordaintzeko orduan euskaldunak baino are burugogorragoak dira). Gero, hizkuntza arazoarekin nahikoa zelakoan, berriz kotxea hartu eta lagunetariko baten arreba hartzera joan ginen. Honek ingelera menperatzen zuen eta itzultzaile lanak egin zituen, nahiz eta gehienetan nire hitzak itzultzeari uko egin eta gu bion arteko elkarrizketa bilatu. Termo bete te hartu eta berriz ere ibai ertzeko parkera hurbildu ginen.
Gure kulturaz galde egin zidan, eta jarraian Irango egoeraz aritu ginen, erlijoaz, estatu batuekiko harremanaz, israel eta palestinaz, e.a. Hiru gazteak EEBBak miresten zituzten, eta hauen laguntza nahi zuten askatasuna lortzeko. Haien esanetan, gazteriaren gehiengoa zen uste berekoa, batzuk inbasio bat desiratzera heltzen direlarik.
Ordurako berandu egin zitzaien, hurrengo goizean lan egin edo unibertsitatera joan behar zutelako, eta hotelera eraman ninduten.
Benetan pozik eta gustora sentitzen nintzen. Senegalen izan ginenean, egun bakoitza aurrekoa baino hobea izan zela sentitzen genuen, eta laugarren edo bosgarren gauean, Cap-Skirin herria n eguna lagun talde batekin igaro ostean eta bertako dantza-jai batean parte hartu ostean, laurok (Patricia, Ander, Aitor eta ni) extasiatuta bezala sentitu ginen. Hala izan zen niretzat larunbat hau ere.
Atzo bidaia eguna izan zen, autobus nahiko kutre batean Esfahanetik Yazdera mugitu nintzen. Heldu nintzenean apagoia zegoen, eta taxistak esan nion hotela ulertu ez zuenez, edo ziurrenez europear batentzako are egokiagoa zen batera eraman nahi izan zidalako, erdi luxuzkoa zen (bueno, horrenbesterako ere ez) hotel batean egin dut lo. Esan bezala auzoa ilunpean zegoen eta ez nuen batere gogorik motxila handiarekin beste zerbait bilatzeko, beraz eskatzen zizkidaten 30 euroak onartu eta bertan geratu nintzen. Horren truke ohe eroso batean egin dut lo, dutxa garbi eta beroa hartu, eta arraultza frijituak gosaldu. Aurrekontua orekatzeko, sekula izan naizen hostel kutreenean hartu dut gaurko gela.
Eta orain Yazd hiria ikustera noa. 1800 urte inguru ditu alde zaharrak, laberintikoa omen da, eta erlijio zoroastriarra jarraitzen duen irango komunitaterik handiena bizi da bertan.
Musuak guztioi.

2 commentaires:

Anonyme a dit…

ematen du benetan aprobetxatzen hasia zarela bidaia, pozten naiz. eta ematen baita ere konfliktopean dauden gainontzeko herrietan bezala aurkituko dituzula egunero iritzi ezberdinetako gazteak. kuban izan nuen buruhaustea datorkit burura. iritziak joango zara batzen azkenean sasi-ondorioren batera heldu arte, baina bai, Tunezen ere aurkitu nituen nik ere holako gazte mordoa, globalizazioak eta trurismoaren igotzeak dakarren tradizio apurketa eta amerikar ametsa famatua. bestetik, nik ere izan nuen holako erretzeko sisa bat ekartzeko irrika, eta ekarri nuen, baina tamaina ertainekoa; ez du ezertarako balio, ekartzekotan ekarri ezazu handi bat, beste gainontzeko guztiak dekoratzeko baino ez dute balio eta. ondo ibili.

josu a dit…

Nik beste arrazoi bat aurkitzen diot hemengo gazte askoren amerikanismoari, izan ere, gure etsaiaren etsaia lagun ikusteko joera dugu, eta hemengo gazteek gauza bat argi badute, gobernu islamikoak bizitza izorratzen diela da. Gainera memoria historikoa ahula da, eta hauek ez dute gogoratzen iraultza aurretik gobernatzen zituen sha horrek negozio handiak egin zituela estatu batuekin eta haien laguntzarekin, herriak errepresio handia jasaten eta pobrezian jarraitzen zuen bitartean